Paisaiaren pintura
Paisaia da egilearen ezaugarri nagusia. Paisaiarengatik bereziki gogoratzen dugu hura. Paisaia zen hark erakutsi ohi zuena. Lehenengo erakusketan, 1928an, hogeita sei mihise aurkeztu zituen. Mihise horietan paisaiaren nagusitasuna erabetakoa da. Hala ere, izenburuen arabera, barrualde bi, erlijio-motiboko lan bat eta, are, erretratu-zirriborro bat daude.
Hark 1927an autorretratu bikain bat margotuta, sinestezina dirudi hark erretratuaren generora jotzeko ohiturarik ez izateak. Oso lotsatia zela eta, ez zegoen eroso gizaki ezezagunen aurrean edo ez zitzaizkion atsegin erretratuen ohiko adierazpenak. Horretarako gaitasuna bazuen ere, ez zuen enkargu gehiegirik onartu eta horrelakoak ez zituen nahita egin. Era berean, ez zuen agertarazi Euskal Herrian orduan egiten zen artearen zati handi baten izpiritu kostunbrista.
Hark pintatutakoaren arabera, Renteriari oso interesatzen zitzaion natura, eta nahita paisaiari lotu zitzaion. Paisaiara jotzeko erabaki horretan, ideal panteista dago, mendizaletasuna eta haize zabaleko bizitzaren zaletasuna, bere inguruko guztia biltzeko gogo handia eta oinordetza erromatikoaren onarpena, inpresionismoaren jaraunspenaren eta beraren deribatuen bitartez proiektatzen den hemeretzigarren mendeko izpiriturik datorrena.
Aditua zen, buru-belarri arduratu zen paisaiaz. Artistak elkarrizketatua izateko emandako aukera bakanetako batean adierazi zuenez, "Naturak nire eta guztien baitan gainez egiten duelakoan nago; nire ustez, amets ugari egin arren ere, hark gainezka egiten dizun une bat dago: ilunsentia edo ilargi-efektua ikustean zera esaten duzu, honekin ez dut inoiz ametsik egin; hau da, poetikoki hitz eginez, gizakiak garen, ikusteko eginda gauden..., hori jakin gura dut nik" (13).