Bizitzaren aldeko borroka
Espetxea utzi eta bere herrira itzultzeko aukera izan zuenerako, gauza asko aldatuak ziren. Berezko uzkurdura eta akidurari aurre egiteko asmotan, margotzen jarraitu zuen. Paisaiaren errepertorio plastikoarekiko bere konpromezua berriztatu eta hiru banakako erakusketa egin zituen, 1940an, 1947an eta 1951n. Baina are gehiago barruratu eta isolatu zen, politikan zelatan zeuden eta kultura eta artearekiko interes urria zuten gizakiek inguratuta.
Gerra-osteko eszenategia arteari begira xederik gabe zegoen, motz. Testuinguru horrek ez zion lagundu bere sormenezko abenturan aldaketa gehiegi ematen. Hura behin betiko jarri zen hasierako buru-arkitekturan eta plastikoan.
Lanak eta gizakiak iragana gogoratzen dute. Hura, berrikuntza askorik gabe, erbesteratzean Adolfo Guiarden oinordekoek utzi zioten legatuak inguratuta egon zen. Berau gorde eta zaindu zuen maitasunez. Beraren marrazki eta margozkiak ondo baino hobeto ezagututa, eragin arinaren seinalea utzi zioten. Renteriak grisa alde batera utzi eta paleta pasteldu zuen. Jarduerok urruneko oihartzunak izan bide dituzte bilbotar margolariaren urdin eta arrosetan. Era berean, irudien dibujismoak haren "ensusiate dentro" delakoa gogorarazten du, Ingresen irudiaren zintzotasunaren tradizioa bereganaturik duen eta Degasengandikoa den formularen arabera.
Hirurogeiko hamarkadan Enrike Renteria erakusketetatik urrun ibili zen, famili lanean, eta sarritan joan zen haize zabaleko guneetara pintatzera. Denboraren poderioz, beraren izena ahaztuz joan zen, liburuetako aipamena izatera heldu zelarik. Izan ere, hark Windsor galerian lana erakutsi zuenean, haren itzulera hura isil-urteetatik errezkatatzen zuen aurkikuntza bezala ospatu zen (16). Hark Bilboko Marqués del Puertoko gunean banakako erakusketa bi egin zituen, lehenengo gaurkotasun-planora itzultzeko balio izan ziotenak. Bai 1973ko urriaren 11tik 20a arteko erakusketan bai 1978ko otsailaren 7tik 28a artekoan, beraren lana oso onartu zen.