Hemen zaude: Hasiera Bizi Ingurumena Tokiko Agenda 21 Tokiko Agenda 21 historia

Tokiko Agenda 21 historia

Tokiko Agenda 21 herriek eta hiriek garapen iraunkorrarekin duten konpromisoa da; programa unibertsal horren helburua da aurrerapena eta ingurumenarekiko errespetua bateragarriak izatea.

Prozesu luzearen ondoren, 1992an Rio de Janeiron egin zen Lurraren Gailurrean, ia 200 herrialdek historikoa den akordioa sinatu zuten, Agenda 21 izenekoa, iraunkortasuna bilatzeko ekintza-plana. Hala ere, handik gutxira, hiriek protagonismoa hartu eta euren eremura eraman gura dute; horrela, bada, 1994an Hiri eta Herri Iraunkorren Europako Konferentzia egin zen Danimarkako Aalborg hirian eta, konferentzia horretan, Aalborgeko Karta onartu zen, Tokiko Agenda 21en sorrera-agiria, hain zuzen ere. Akordio horren garrantzia oso handia da, eta esan daiteke Aalborgeko Karta inflexio-puntua dela hiriko ingurumenarentzat. Izan ere, karta horrek eragin erabakigarria izan du estatu-politiketan, politika-programetan eta, are garrantzitsuagoa dena, tokiko komunitateak iratzarri eta iraunkortasunarekiko kontzientzia sortzerakoan.

2004ko ekainean, Aalborgeko Konferentzia +10 izenekoak Agendak Europan izandako aplikazioaren lehenengo hamarkadaren balantzea egin zuen, eta beste agiri bat onartu zuen, Etorkizuna Eraikiz. Agiri horrek zehaztuko du iraunkortasunaren kudeaketa publikoaren etorkizuna datozen urteetan. Lortu gura dituen 21 helburuak, agian, arlo honetan udalerriek zehaztu duten jarduera-esparrurik argiena eta asmo handikoena dira.