Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Banda zabaleko sarea areagotu du Amorebieta-Etxanok Wimax antena berriaz

Banda zabaleko sarea areagotu du Amorebieta-Etxanok Wimax antena berriaz

Wimax antena baten instalazioari esker, San Migel, Autzagane, Etxano, Montorra, Boroa eta Euba auzoek Interneten banda zabala kontratatu ahalko dute • Wimax teknologiaren bidez airean zehar transmiti daiteke Interneten seinalea.

Amorebieta-Etxanoko Udalaren ekimenez beste Wimax antena bat jarri da Zornotzan, etxe gehienetan Interneten estaldura eragingarria izan dadin.  

Informazioaren teknologiek gero eta garrantzi handiagoa daukate gaur egungo gizartean. Halatan ere, operadore pribatuek eragin-eremutik uzten dituzte sarritan biztanleria-dentsitate txikiko aldeak eta, ondorioz, toki horietan dauden etxeek eta enpresek ez dute izaten Interneterako abiadura handiko sarbiderik.

Egoera horri konponbidea eman nahirik, Interneten seinalea airean barrena zabaltzeko bidea ematen duen Wimax antena baten instalazioa sustatu du Udalak. Aurtengo maiatzaz geroztik martxan dago antena, eta San Migel,  Autzagane, Etxano, Montorra, Boroa eta Euba auzoei ematen die estaldura.

Inguru horietako etxebizitzek eta enpresek seinalea hartuko badute, eraikinen kanpoko aldean hargailua ezarri behar da eta barruko aldean, berriz, datuetarako eta ahotserako ekipoa.

Eusko Jaurlaritzak biztanle gutxiko inguruetan banda zabaleko zerbitzua eskaintzeko xedeaz bultzatutakoa den Konekta Zaitez @ Banda Zabala proiektuaren bidez diruz laguntzen dira hala aparatuak, nola instalazioa. Euskaltelek merkaturaturik dago, gaur egun, banda zabaleko zerbitzua, enpresa horri esleitu baitzitzaion kontratua lehiaketa publikoaren bidez.

Interesa duten auzokideek eraikinaren estaldura-maila zein den jakin nahi badute, edo bestelako kontsulta egin nahi izanez gero, 943.31.86.01 telefono zenbakira eta Bezeroentzako Arretarako 1717 dohaineko zenbakira dei dezakete.