Santiago Onaindia bekaren bederatzigarren edizioan euskal literatura sistema eta literaturaren didaktika aztertu dira
Gaur goizean lanaren aurkezpen ofiziala egin da prentsa aurrean • Egilea den Idurre Alonsok hogeita hamalau euskal idazle eta kritikariren iritzien bilduma egin du • Amorebieta-Etxanoko Udalaren ekimenez sortu zen 1989an Santiago Onaindia ikerketa beka, euskal idazle eta ikerlariaren omenez.
Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia bekaren bederatzigarren edizioko lanaren aurkezpen ofiziala egin du.
Bekaren irabazle izan zen Idurre Alonso Amezuak “Euskal Literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai” izeneko lana idatzi zuen, eta bi ardatzen inguruan egituratu. Alde batetik, euskal literatur sistemaren ikuspegi orokorra dakarkigu, hogeita hamalau euskal idazle eta kritikariren iritzietan oinarri hartuta eta, bestetik, euskal literaturaren didaktikari egindako hurbilketa daukagu. Ikasleei zuzendutako galdeketen eta ikas materialaren azterketa abiapuntu izanik, euskal literaturaren irakaskuntzaren egoeraren deskribapena XXI. mendearen hastapenetan.
2006ko otsailean aukeratu zen beraren proiektua aurrera eramateko eta 2007ko maiatzean onartu azken txostena. Harrezkero, argitaratzeko hainbat lan egin behar izan da.
Urtebetez jardun du Idurre Alonsok lan honetan, eta 9000 euroko diru-zuzkidura izan du horretarako.

Santiago Onaindia Beka
Amorebieta-Etxanoko Udalak 1989an atondu zuen lehenengoz Santiago Onaindia ikerketa beka, izena ematen dion euskal idazle eta ikerlari handiaren omenez. Euskal literaturaren arloan ikerketa sustatzeko asmoz sortu zen eta arlo hori lantzen duten aztertzaileei dago zuzenduta.
Hala ere, beharrok ez zuten argirik ikusi 1995era arte. Udalak Labayru Ikastegira jo zuen orduan eta, harrezkero, lankidetzak ez du etenik eduki eta erakunde biek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, elkarlanean jardun dute.
Hori horrela, 1995ean lehenengo (Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza) eta bigarren (Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza) edizioko lanak argitaratu ziren.
Udalaren eta Ikastegiaren arteko lankidetza horretatik orain arte sei liburu atera dira, eta zazpigarrenaren argitalpenaren aurkezpenera gatoz oraingoan. Ondorengook dira orain arte argitaratutakoak:
• Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza (Jon Kortazar): Liburu honetan gerra-aurreko aldizkari biotan agertu ziren olerkien eta olerkigileen azterketa egin da, euron bizitzaren eta lanaren barri emanez eta obraren azterketa literarioa eginez.
• Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1958-1964) (Roberto Mielgo): Eusebio Erkiagak gerra ostean egin zuen eleberri-lan nagusia. Liburu honetan 1958-1964 urteen artean argitara eman zuen lanon azterketa literarioa egin zen.
•Gerraurreko literatur kritika (1930-1936) (Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre): Lan honetan euskal idazle eta kulturgileak gerra zibilaren aurreko urteetan, egunkarietan eta aldizkarietan, euskal literatura zela eta, agertu ziren iritzi eta eztabaiden berri ematen da.
•Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat (Aitzpea Azkorbebeitia): Aitzpeak Joseba Sarrionandiaren idazlanen gainean ikerketa egin zuen Harrera Teoriaren ikuspegitik aztertuta. Bai poesiak, bai prosako lanak kontuan hartuta, idazleak darabiltzan estrategiak eta emaitza literarioak sakon eta zehatz azaldu zituen egileak.
•Euskal eleberriaren historia (Mari Jose Olaziregi): Mª Jose Olaziregik lan honetan ikertu zuen, eleberri generoaren historia euskal literaturan, hastapenetatik XX. mendearen amaierara arte.
•Isla Malako haritza. Ignazio Argiñarena Otsotorenaren bizitza eta lanak (1909-1997) (Oscar Alvarez Gila, Alberto Irigoyen): Errazkindar hau, gerra zibilean, 'nazionalen' bandoan ibili zen Lácar Tertzioan, errekete. Gerraren esperientziak injustizia eta soldaduen manipulazioa erakutsi zizkion. Arazo ekonomikoak behartuta, 1950ean Uruguayra emigratu zuen. Bertsolaritzari ekin zion bertan, eta beraren lana bildu zuten liburu honetan egileek.
Santi Onaindia
Santi Onaindia Amoroton jaio zen 1909. urtean. Hamabi urte zituela, Amorebietan dagoen Larreako Karmeldarren Komentura sartu zen, eta bertan jardun zuen lanean, nekerik ezagutu gabe, berrogeita hamar urte luzez.
Gerra Zibila baino lehen eman zituen lehenengo urratsak literaturan, olerkiak idatziaz. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituen, eta behin baino gehiagotan erbesteratu zuten. Garai horretakoa da Milla euskal olerki eder (1954) antologia poetikoa. Euskaraz idatzita dauden olerkien gaineko lanik oparoenetakoa dugu berau. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzaile izan zen. Hainbat dira aldizkari horietan idatzi zituen artikuluak, baina zerbait nabarmendu behar izanez gero, aldizkarion orriak baliatuz, eta batik bat lehiaketa lirikoen bidez, olerkari berriei eman zien bultzada litzateke aipagarriena. Azpimarratzekoak dira, halaber, Aita Santiren lan handiaren barruan, besteak beste direla, Goethe, Dante eta Virgilio idazle klasikoen lanen itzulpenak.
Bertsolaritzarekin lotutako hainbat lan ere argitaratu zuen, eta horien artean aurki dezakegu Gure Bertsolariak antologia (1964). Euskaltzaindiaren ohorezko kidea izan zen, eta Euskal Letren Saria eman zioten 1990ean.
