Santa Ana auzoa eraberritzeko lanak gaur, otsailak 4, hasiko dira
Construcciones Olabarri enpresak gaur ekingo dio Santa Ana auzoa eraberritzeko proiektuari
Construcciones Olabarri enpresak gaur ekingo dio Santa Ana auzoa eraberritzeko proiektuari. Lanak burutzeko urte erdiko epea dago aurreikusita eta beraz, sei hilabeteren buruan hobekuntzak amaituta ikusiko dituzte hogeita hamasei etxebizitzetako ehun bat bizilagunek. Udalak guztira 796.000 euroko inbertsioa egingo du proiektu horretan.
Santa Ana auzoaren urbanizazioa pribatua izan da orain arte eta beraz, auzoa egokitzeko eta mantentzeko lanen gastuak auzokideen kontura gelditzen ziren. Etxebizitzaren jabe diren egoiliar batzuek uko egiten zioten beren zatia lagatzeari eta horregatik, ezinezkoa izan da proiektua lehenago gauzatzea. Behin arazo hori konponduz gero, lanak hasi ahal dira eta horrela, astelehenean hondeagailuek San Juan kalearekiko bide perpendikularra, Bide Zahar izenekoa, zabalagotzeko lanak hasiko dituzte; horretaz gain, alde horretan metro bateko horma eraikiko dute eta berdegunea etxebizitzei atxikia.
Bide batez, hondakin- eta euri-uren sareak hobetuko dituzte eta fatxadak desitxuratzen dituzten telefoniako lineak lurperatu ere bai.
Era berean, eskailera-tarteak eta %6 baino gutxiagoko inklinazioko arrapalak dituen ibilbidea egongo da; hori osatzeko, aparkalekuko hogeita zazpi plaza eta elbarrientzako plaza bat eraikiko dira.
Zuhaitz gehienak beren horretan geratuko dira eta gehiago landatzeko asmoa dago, berdeguneetan %40 gehiago irabaziz. Azkenik, atarietara iristeko bideak hobetuko dira eta Legarrebirekin lotura egongo da.