"Natura Ingurunearen Analisia" izeneko lanaren 200 kopia banatuko dizkiete Udalak eta Alcoa fundazioak zornotzarrei
Udalerriaren natura-ingurunearen deskribapena egiten da liburuan: geologia, geomorfologia, klima, lur-motak eta floraren, landarediaren eta faunaren deskribapena • Deskribapen zehatzaz gain, katalogo deskribatzailea ere badauka, heziketa-eta sentsibilizazio-xedea duena, udalerriko eskola-umeentzat • Hori horrela, udalerriko ikastetxe eta liburutegi guztiei, bai eta elkarteei ere, emango zaizkie liburuaren aleak
“Natura Ingurunearen Analisia” izeneko liburuaren 200 kopia argitaratu dute Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Alcoa fundazioak, udalerriko ikastetxe eta liburutegi guztietan, eta elkarteetan ere, banatzeko.
Aranzadi zientzia elkarteak egin duen ikerlan honek udalerriaren natura-ingurunearen deskribapena dakarkigu, hau da, Amorebieta-Etxanoko geologia eta geomorfologia, inguruari eragiten dion klima eta edafologia (lur-motak) azaldu eta floraren, landarediaren eta faunaren deskribapena egiten da bertan. Landareen zazpi espezie, ornogabeen hiru espezie, anfibioen eta narrastien hiru espezie, hegaztien sei espezie eta haragijaleen hiru espezieren gaineko datuak bildu dira lan honetara. Espezie bakoitzaren deskribapena, habitata, banaketa eta arriskuak azaltzen dituzten fitxa teknikoak egin dira horretarako.
Amorebieta-Etxanoren natura inguruneak ikuspegi global eta sakonaren falta zuen; izan ere, lan hau burutu aurretik eskura zitezkeen informazio guztiak sektorialak eta alor ezberdinetakoak baitziren. Hutsune horri erreparatuta, 2007an Alcoa fundazioarekiko harremanetan jarrita, erabaki zen Aranzadi Zientzia Elkartea finantzatzea herriaren Natura Ingurunearen Analisia egin zezan.
Deskribapen zehatzaz gain, heziketa- eta sentsibilizazio-helburua duen katalogoak, udalerriko ikastetxeetan erabiltzeko egokia denak, ere osatzen du lan hau. Amorebieta-Etxanoko geologiari eta hidrologiari, geomorfologiari, klimatologiari, edafologiari, landarediari, faunari, paisaiari eta nekazaritza- eta basa-erabilerei buruzko datuak eta argazkiak bildu dira katalogo honetara.
Natura-ondareak Amorebieta-Etxanon duen egoeraren gaineko informazio kontrastatua eta eguneratua edukitzea zen lanaren helburua, informazio hori alor honi dagozkion erabakiak hartzeko eta ingurumenaren gaineko heziketa lantzeko lanabes paregabea izan baitaiteke.
Ingurunerik hurbilenaren ezagutza sustatzeko oinarrizko tresna dugu lan hau, natura-, paisaia- eta ekoizpen-ondarea zaindu eta errekuperatzeko eta ingurumenaren kudeaketa egokia bermatzeko ezinbestekoa izango dena.
Liburuaren testu nagusiak euskaraz eta gazteleraz daude. Hala ere, bada ingeleraz eta frantsesez ematen den informaziorik ere.