Emakumezko katalan batek irabazi du Amorebieta-Etxanoko jaietako kartel lehiaketa
Kartelak hiru kontzeptu biltzen ditu: Herriaren ordezkari agertzen den Udaletxea; edozein jairen arima diren gizakiak; eta jaiaren sinbolo den sua.
Concepción Honorato katalana da Amorebieta-Etxanoko hurrengo jaiak iragarriko dituen kartelaren egilea.
Sara Chamizao, Udaleko kultura zinegotzia, ikasleen Guraso Elkarteko ordezkariak, Amorebietako koadrilen ordezkariak eta Luis Javier Ugarte, Zornotza Aretoko programatzailea izan dira, besteak beste, joan den ekainaren 19an kartela aukeratu zuen epaimahaia osatu zutenak.
Lan honen atzealdean Udalaren zilueta eta jai giroan dabilen jendearenak azaltzen dira. Artistaren esanetan hiru ideia azaldu nahi izan ditu: Lehendabizi, ”oso ederra” iruditzen zaion herriaren ezaugarri bat :Udaletxea. Bigarrenik gizakiak, hauek baitira jaiaren arima. Eta hirugarrenik, jaiaren eta gauaren sinbolo den sua. Kolore beltzari dagokionean, sua areagotu eta gaua adierazten du.
45 urteko Concepción Honorato ezkondua da eta seme-alaba bi ditu. Duela pare bat urte aurkeztu zuen jai batzuetarako lehen kartela. Orduan, bera bizi den herriko jaietarakoa izan zen: Malgrat de Mar. Hirugarren postuan geratu zen. Urte bete geroago, beste bozeto bat aurkeztu eta lehenengo saria jaso zuen.
Bere herriko zinegotzi batek esanda jakin zuen jaietarako kartel lehiaketa asko izaten zirela, eta izandako arrakastaren ondorioz, berriro saiatzera animatu zuen. Conchita Honoratok beste lehiaketa batzuei buruzko informazioa ematen zuen web orrialde bat aurkitu eta bere lanak aurkezten hasi zen.
Eginkizun honetan urte bete baino ez daramanean, zenbait sari jaso ditu dagoeneko, besteak beste: Boal-eko (Asturias) eztiaren feriako kartelarena; finalista geratu zen Zarautzeko emakumearen egunerako kartel lehiaketan, bigarren postua lortu zuen Galapagar-eko (Madril) Aste Santuko kartel lehiaketan eta hirugarrenean, Blanes-eko (Girona) Emakumearen Eguneko lehiaketan.