Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Amorebieta-Etxanoko ikasleak udal ordezkariekin bildu dira Kontsumo Jasangarriaren inguruko hausnarketa aurkeztera

Amorebieta-Etxanoko ikasleak udal ordezkariekin bildu dira Kontsumo Jasangarriaren inguruko hausnarketa aurkeztera

Gabonetan kontsumitutakoaren inguruko hausnarketa egin ondoren udal ordezkariei gogoetaren ondorioak azaldu dizkiete • Udal arduradunek ikasleei bideratutako Ibilbide jasangarria eta Jauregibarria Ingurumen Etxera bisita izeneko ekintza didaktikoa aurkeztu dute

Amorebieta-Etxano, 2012ko urtarrilak 19. Amorebieta-Etxanoko Udalak bideratzen duen Tokiko Agenda 21 programaren baitan, udalerriko ikastetxeetako ikasleak udal ordezkariekin bilduko dira gaur goizean, urtarrilaren 19an. Karmengo Ama Ikastetxeko, El Carmelo Ikastetxeko, Lauaxeta Ikastolako, Larrea LHIko, Urritxe Institutuko eta Andra Mari Ikastolako hiruna ikasle izan dira pleno aretoan, guztira 18. Udal ordezkaritza, berriz, David Latxaga alkateak, Juan Mari Ugalde Iraunkortasun eta Zerbitzuen Informazio zinegotziak eta ingurumen teknikariak osatu dute.

Ikasturtero bi foro antolatzen dira –bigarrengoa maiatzaren 31rako aurreikusita dago–. Foroaren helburua bikoitza da: batetik, Eskolako Agenda 21 programaren baitan lantzen ari diren gaiaren inguruko hausnarketa egitea. Bestetik, egindako gogoetak udal ordezkariei azaldu eta gaiaren inguruan eztabaidatzea.

2011-12 ikasturteko lehenengo foroan ikasleek Kontsumo Jasangarriaren inguruan, horixe baita ikasturtean zehar lantzen ari diren gaia,  egingo duten gogoetaren ondorioak azaldu dizkiete udal arduradunei. Aurrez, taldeka banatuta, ikasleek Gabonetako oporretan kontsumitutakoaren inguruko hausnarketa egin dute. Hausnarketa egiteko ikasleak lauko taldetan bildu dira; talde bakoitzak kontsumo gai bat izango du, eta gai horren inguruan izandako jarreraren berri eman dute.

Hain zuzen, gogoetarako lau gai eman zaizkie, guztiak Kontsumo Jasangarriarekin lotura daukatenak: aisia, elikadura, etxeko apainketa eta hondakinak. Ordubetez aritu dira gai horien inguruan zer egin duten, eta batez ere, kontsumo jasangarriagoa bultzatzeko zer egin dezaketen pentsatzen. Metodologia honen funtsa parte-hartzaileen arteko esperientzia trukaketa da, beti ere elkarrizketa oinarri hartuta. Hausnarketa amaituta, bi ikaslek harrera egin diete udal ordezkariei eta talde bakoitzeko ordezkari batek jasotako ondorioen berri eman du.

Programa didaktiko berria

Eskolako Agenda 21 programaren baitan Kontsumo jasangarriaren gaia lantzen ari direla baliatuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Jauregibarria Ingurumen Etxearekin elkarlanean, gai hori oinarritzat hartuta, udalerriko ikasleentzat ekintza didaktikoa prestatu du. Hiru ardatz nagusi izango ditu: batetik, Amorebieta-Etxanoko Udala eta Jauregibarria Ingurumen Etxera elkartzen dituen ibilbide jasangarria, Ingurumen Etxean bisita gidatua eta tailerrak.

Ibilbide jasangarriak Amorebieta-Etxano udaletxearen eta Jauregibarria Ingurumen Etxea lotuko ditu, eta ibilbidean zehar, ikasleek zenbait ariketa egin beharko dituzte: autoetako bidaiariak zenbatu, erosketa poltsak aztertu, paperontziak eta zakarrontziak zenbatu, Ingurumen Etxearen aldamenean dagoen ekosistema aztertu, eta abar.

Jauregibarria Ingurumen Etxean hasten da programaren bigarren zatia. Erakusketa tematiko bat da, sei gai hauek lantzen dituena: Landareak eta energia; Hirietako zuhaitzak; Basoak; Ura eta ibaiak; Landareak eta pertsonak; eta azkenik, Hiriko parkeak. Erakusketa amaitu ondoren, tailer ezberdinak egiteko aukera izango da.

Programa berriaren helburu nagusiak lau dira:  Amorebieta-Etxanoko natura ezagutzea; gure ingurunea errespetatzen eta zaintzen ikastea; kontsumo arduratsua eta aurrezteko joera positiboki baloratzea, eta azkenik, berrerabilpenaren eta birziklapenaren garrantziaz kontzientziatzea.

Ekintza didaktikoa ikastetxeetako ikasleei zuzendua dago. Erreserbak egiteko epea bihar, hilak 20, zabaltzen da. Horretarako nahikoa da Jauregibarria Ingurumen Etxeko arduradunekin harremanetan jartzea 94 673 3433 telefono zenbakira deituz edo ingurumenarenetxea@yahoo.es helbide elektronikora idatziz. Bisitak doakoak dira.