Herriko Plaza berria urbanizatzeko lanei hasiera emango die Amorebieta-Etxanoko Udalak
•800.000 euro inguru inbertituko ditu Udalak herri-ekitaldiak bertan egin ahal izateko espazio polibalentea sortzeko •Proiektuaren arabera, iturria lekuz aldatuko da eta lorategiak kanpoko aldera eramango dira, espazio zabala lortze aldera •Argiztapen maila ezberdinak instalatuko dira, bai arkupeetan, bai eraikinetan eta bai plazako espazioetan
Amorebieta-Etxano, 2010eko urtarrilaren 27a. Herriko Plaza urbanizatzeko lanei ekingo die Amorebieta-Etxanoko Udalak. Obrak amaitutakoan, Udalerrian antolatzen diren era askotako herri-ekitaldiak bertan garatzeko espazio zabal eta modernoa izango da bertan. Aldaketa hau gauzatzeko 800.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Udalak eta, oinezkoei lehentasuna emanez, udalerriko erdigunea toki atseginagoa bilakaraziko duen Topaketa proiektuaren barruan dago.
Udan emango zaie amaiera gaur egungo Herriko Plaza osoari, inguruko arkupeak eta Gregorio Mendibil eta Urbano Larruzea kaleetatiko sarbideak barne, eragingo dioten obrei. San Migel kaleko espaloiei eta aparkalekuei dagokien atala ere proiektura bilduta daude.
Aurreikusita dauden berrikuntzen artean, iturriaren lekualdaketa eta plazaren mendebaldean ezarriko den iturri berria aipa daitezke, lehengo iturria beste toki batera eraman eta mendebaldean iturri paralelepipedoa jarriko baita. Iturri berriak argia, ura eta mugimendua ekarriko ditu espazio berritura. Hiritarrak txundituko dituen ideia aitzindaria gauzatzea da asmoa.
Zoladurari dagokionez, basalto beltza aukeratu da eraikinen ondoko guneetarako eta erdiko aldean, berriz, sienita ezarriko da. Biak ere, erresistentzia handiko materialak dira, jarriko diren tokietarako oso egokiak.
Paperontziak ere izango ditu plazak, iturriarekin bat egingo duten eserlekuak eta, azkenik hiri altzariei dagokienez, harrizko bankuak errekuperatuko dira, plazaren erditik urrunxeago egongo den loretokia osatuz.
Tamaina ederreko hiru zuhaitz landatuko dira Udaletxe berriaren aurrean, eraikinaren fatxada estali gabe, errekuperatutako harrizko bankuetan eserita daudenei geriza emateko.
Argiztapen berezia
Aipatzekoa da, baita ere, plazaren espazio bakoitzerako beharrezkoa eta egokia den argiteriaren erabilera. Argitasun handia emango zaie, esaterako, arkupeei eta eraikinei. Horrek ez du, ordea, espazioaren erabilera baldintzatuko, altzariekin erabat integraturik egongo baitira luminariak.