Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta GR 229 MIKELDI ibilaldia egiteko bost irteera

GR 229 MIKELDI ibilaldia egiteko bost irteera

Bost larunbatetan egingo dira, maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 7ra bitartean • Izena emateko epea irteerak baino bi egun lehenagora artekoa izango da, eta prezioa bakarra izango da, 10 eurokoa • Nahi dutenek, GR 229 Mikeldiren gidaliburua eskura dezakete prezio berezian.

Amorebieta-Etxanoko Udalaren mendeko Ametx Erakunde Autonomoak GR 229 MIKELDI ibilaldiak egiteko irteerak antolatu ditu.

Bost etapa izango dira, bost larunbatetan hain zuzen ere. Maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 7an emango zaie amaiera.

Lehenengo etapak (maiatzak 10) 16 kilometro inguru izango ditu eta Zornotzako Nafarroa Zentrotik abiatu eta Garaira bitartean joango da. Hurrengo larunbatean (maiatzak 17) Garaitik abiatu eta Berriz izango da helmuga, 15 kilometroko bidea egin ondoren. Maiatzaren 24ko etapa, laburrena, 10 kilometrokoa izango da, eta Berriztik irtenda Axpera iritsiko dira ibiltariak. Laugarren etapa (maiatzak 31)  Durangoraino iritsiko da, aurreko larunbateko helmugatik irtenda, 15 kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren. Azkenik, ekainaren 7an, Durangotik abiatu eta Zornotzara itzuliko dira ibiltariak, 17 kilometro eginda.

Durangaldeak gordetzen dituen natura-altxorrak, historia eta paisaiak ezagutzeko parada bikaina izango dute ekimen honetan parte hartzen dutenek. Ibilbidean aurkituko diren toki eta istorio interesgarrien berri emateko, gidari euskaldunak izango dituzte bidelagun.
 

Izena ematea

Etapa bakoitza baino bi egun lehenagora artekoa da izena emateko epea eta tokia, berriz, Zelaieta Zentroko erregistroa. Irteera guztiak abiatuko dira goizeko 8:30ean, Nafarroa Zentrotik, eta autobus zerbitzua izango da, hala abiapuntura joateko nola etapa amaitzen den lekutik Nafarroa Zentrora itzultzeko. Prezioa bakarra izango da, 10 €-koa, eta etapa bat baino gehiago egin nahi dutenek nahikoa dute izena behin ematea. Ibilaldi hauetan parte hartzen duten guztiei asegurua egingo zaie eta Gr 229 Mikeldi gidaliburua eskuratzeko eskaintza berezia izango dute, 25 €-koa, inskripzioaren prezioa ere barne duena. Informazio gehiago nahi izanez gero, Zelaieta Zentroan galde daiteke, 94 630 06 50 telefono zenbakira deitu edo www.ametx.net web orrian begiratu.