Eguneroko ohiturak hobetzeko, GAP ingurumen programan parte hartuko du Amorebieta-Etxanok
Uraren eta energiaren kontsumoan, garraiobideen erabileran, erosketetan eta eguneroko bestelako egitekoetan jokaera egokitzera programak gonbidatuko dituen Zornotzako etxeen kopurua 6.500 ingurukoa da • Parte hartu nahi dutenek www.udalsarea21.net web orrian eman dezakete izena edo, bestela, programaren esku-orriarekin batera jasoko duten kupoia bidalita • GAP programa amaitutakoan, Amorebieta-Etxanoko partaidetza-portzentajeak eta ingurumenaren hobekuntzan lortzen diren emaitzak jakin ahalko dira.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Udalsarea 21ek, Udalerrien Euskal sareak, antolatu duten “Ekintza Globalerako Plana” GAP izeneko Ingurumen-Programaren azken edizioarekin.
Hirugarrenez jarri da abian programa hau Euskal Autonomia Erkidegoan. Nazio Batuen babespeko ekimena da, eta uraren eta energiaren kontsumoan, garraiobideen erabileran, erosketetan, hondakinen kudeaketan eta eguneroko bestelako egitekoetan jokaera egokitzen laguntzea du helburu nagusi. Zornotzan 6.500 etxetik gora dira ingurumena hobeto errespetatzen ikasiz, aldi berean ekologikoago eta ekonomikoago jarduten ikasteko aukera izango dutenak.
Parte hartzen duten familiek uraren, energiaren, garraiobideen, etxeko hondakinen kudeaketaren eta erosketa-ohituren gaineko lau esku-orri jasoko dituzte lau hilabetean. Ingurumena hobetzeko aholku praktikoak azalduko zaizkie bertan eta esku-orriekin batera, lau galdetegi banatuko dira, programan ematen dituzten gomendioak praktikan jarri aurretik eta praktikan jarri ostean, etxe bakoitzean daukaten iraunkortasun-maila zein den jakin dezaten. Galdetegi horiei esker, zuzenean jakin ahalko dute zein diren, esku-orrietako neurriak erabiliz gero, lortzen diren emaitzak.
Interneten bidez edo esku-orriak etxera bidaltzeko eskatuz parte har daiteke programan. Garapen iraunkorraren aldeko lehenengo pausoa izan daiteke, zalantzarik gabe, Internet bidezko partaidetza, paper kontsumoan ere aurreratuko baita horrela.
Interesa dutenek www.udalsarea21.net web orrian eman dezakete izena, edo etxeetan liburuxkarekin batera jasoko duten kupoia bidaliz. Internet erabilita izena eman nahi duten familientzat, liburutegian badaude Internetekiko konexioa duten ordenagailuak, eta nahikoa da bertako bazkide egitea.
Bestalde, egitarau osoa Interneten bidez egin nahi dutenentzat, KZ Gunean ikastaroa eskainiko da irailean, eta bertan azalduko da paperik erabili gabe programa nola egin daitekeen. Horrela, interesa dutenek KZ Gunean ikasi ahalko dute programa egiteko web orriaren dinamika zein den eta, behin ikasita, etxean bertan ari daitezke, edo udal liburutegiko ordenagailuetan.
GAP programa amaitutakoan, Amorebieta-Etxanoko partaidetza-portzentajeak eta ingurumenaren hobekuntzan lortzen diren emaitzak jakin ahalko dira. Programa guztia osatzen duten etxeetan, “Etxe Ekologikoa” izendatuko dituen egiaztagiria jasoko dute, partaidetzaren eta ingurumena zaintzeko konpromiso pertsonalaren adierazle.