FETEN-08an ikuskizunik onenarentzako saria lortu duen ‘Zer duzu negarrez Marie’ antzezlana larunbatean Zornotza Aretoan
Gijónen egin den eta estatu mailan haurrentzako antzerkigintzaren aitzindari den Umeentzako Antzerkiaren Feria Europarraren (FETEN) XVII. edizioan Ikuskizun Onen aukeratu dute • Haur askoren etsaizko jokabideen zergatien arteko loturei buruzkoa da umeei zuzendurik dagoen antzezlan hau • Lan honetan ikus daitezkeen bi aktoreek, euskal eszenatokietan eskarmentu handikoak beraiek, Marie de Jongh konpainia eratu dute Jokin Oregi zuzendariarekin. • Ametx Erakunde Autonomoa-Zornotza Aretoa kolaboratzaile aritu da lan bikain honen produkzioan, Kukubiltxoren azken lana den “Haritzaren Azalera Zehatza” obran egin bezala
‘Zer duzu negarrez, Marie? antzezlana izango da ikusgai Zornotza Aretoan larunbatean, arratsaldeko 18:00etan. Estatu mailan haurrentzako antzerkigintzaren aitzindari den Gijóngo Umeentzako Antzerkiaren Feria Europarraren (FETEN) XVII. edizioan Ikuskizun Onen aukeratu izana antzezlan honen kalitatearen berme dugu.
Jokin Oregik zuzendu duen lan honetan, aktoreen lana txotxongiloen manipulazioarekin konbinaturik dator, haurtzaindegi batean gertatuko den istorioa kontatzeko. Haurtzaindegiaren ugazabaren, zaindarietako baten eta jagon beharreko ume arazo-sortzaile baten artean sortuko diren harremanak dira obra honen gaia.
Nabarmentzekoa da, bestalde, eratu berria dela lan hau dakarkigun konpainia, eta lehenbizikoz jardungo duela Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan, Gijóngo jaialdian izaniko esku-hartze arrakastatsuaren ondoren.
Zorionak Kukubiltxori
‘Zer duzu negarrez, Marie? lanean parte hartu duten zornotzarren arrakasta nabarmentzeaz gain, Ametx erakunde autonomoak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak zorionik beroenak eman nahi dizkiote Kukubiltxo antzerki taldeari.
30. urteurrena betetzen duen 30 honetan, nagusiei zuzenduta ekoiztu duten lehenengo antzezlana aurkeztu digute. Joan den asteburuan estreinatu zen, euskaraz, Zornotza Aretoan, arrakasta izugarriaz.
Kukubiltxo 1977an sortu zen, umeei eta familiei zuzendutako txotxongilo- eta animazio-ikuskizunak aurkeztuz. Lanean 30 urte luzez arituta, 30 ikuskizunetik gora eszenaratu ondoren, Zornotzak, beraien jarduera goraipatuz, eskerrak eta zorionik beroenak eman nahi dizkie, egindako lan bikainarengatik, eta Zornotzarekin eta Durangalde guztiarekin hartutako konpromiso pertsonalarengatik.