Ezker-eskuma antzerki-emanaldia Zelaietan Berbalagun proiektuari irailera arte agur esateko
Asteazkenean, hilak 11, goizeko 11etan eta arratsaldeko 7etan antzeztuko da Ezker-eskuma lana • Emanaldia debalde eta irekia izango da • Irailetik aurrera proiektu honetan parte hartzeko interesa dutenek, 946300650 telefono zenbakian edo www.ametx.net web orrian eska dezakete informazioa.
Ametxek sustatutako Berbalagun proiektuaren bigarren urteari amaiera emateko, Ezker-eskuma antzezlana eskainiko da asteazkenean, dohainik, Zelaietako kontzertu gelan.
Bi emanaldi izango dira, goizeko 11etan eta arratsaldeko 7etan, eta interesa duten guztiak bertara daitezke, Berbalagun proiektuan parte hartu nahiz hartu ez.
Ordu eta laurdenean, bakardadeari, adiskidetasunari eta bizitzari buruzko gogoeta egitea da Ezker-eskuma Loli Astoreka aktore zornotzarrak eta Iñake Irastorzak taularatutako antzezlanaren helburua, umorea beti ere funtsezko elementu izaki.
Euskara ikasteko udalerrian dauden hiru zentroak (Udal Euskaltegia, Zornotzako Barnetegia eta AEK) partaide aktibo dira, AMETX erakunde autonomoak kudeatuta, euskaldun zaharrek eta euskaldun berriek bat egiteko xedea duen Berbalagun proiektuan. Hiru edo lau lagunek osatutako taldeetan jardun dute, astero-astero, beraiek aukeratutako tokian eta orduan, euskaraz hitz egitea helburu izanik. Berrogeitik gora izan dira, hamar taldetan banatuta, urriaz geroztik Berbalagun aritu diren pertsonak.
Mota ezberdinetako lagunek osatuta egon dira taldeak eta, euskaldun zaharrekin batera, euskara ikasten ari diren eta ikasgeletan ikasten duten hori praktikan jartzeko aukera handiegirik ez daukaten pertsonak batzen ditu proiektu honek. Paseo bat ematera joan, kafetegi batean zerbait hartu… Kontua, azken batean, euskara modu eta giro atseginean erabiltzea eta lantzea da, lagun berriak eginez.
Udaren ostean berriro ekingo zaio Berbalagun proiektuari. Interesa duten guztiek, Ametxera jo dezakete informazioa lortzeko (Zelaieta Zentroa. Tel.: 946300650; www.ametx.net