Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta ‘Eleizetan’, Zornotzako elizak eta baselizak musika klasikoz betetzeko

‘Eleizetan’, Zornotzako elizak eta baselizak musika klasikoz betetzeko

Ganbera-musikaren sei kontzertu bildu dira egitaraura, maiatzaren 4an hasi eta hilaren 31ra bitartean • Kontzertuez gozatzea batetik eta, bestetik, Amorebieta-Etxanoko monumentuen ondarea ezagutaraztea ditu helburu ekimen honek • Maiatzaren 4an, igandea, emango zaio hasiera programari, eguerdiko 12:00etan, Vanessa Goikoetxea sopranoak eta Francisco Pérez Sánchez piano-joleak Etxanoko Andra Mari elizan eskainiko duten kontzertuarekin • Dohaineko garraio-zerbitzua jarriko du Udalak Boroako, Etxanoko, Bernargoitiko eta Dudeako San Migeleko kontzertuetara joateko.

Amorebieta-Etxanoko Udalak elkarren segidako bederatzigarren aldiz antolatu du ‘Eleizetan’, udalerriko baselizetan eta elizetan eskaini ohi diren ganbera-kontzertuen saila.

Maiatzaren 4an emango zaio hasiera ekimen honi, eta hil beraren 31n amaituko da. Zornotzarrak, Amorebieta-Etxanoko erlijio monumentuen ondare oparo diren baseliza eta elizetako giro berezian, kalitatezko musikaz gozaraztea du helburu sei kontzertuk osatutako programak.

Igandean abiatuko da egitaraua, eguerdiko 12:00etan, Vanessa Goikoetxea sopranoak eta Francisco Pérez Sánchez piano-joleak eskainiko duten emanaldiarekin. Durangoko soprano gazte honek, West Palm Beach-en (USA) jaioa bera, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan burutu zituen musika ikasketak. Ondoren Madrilera joan zen Goi Mailako Kantu Eskolan sartzeko eta bertan bizi da gaur egun. Hainbat sari eta beka eskuratu ditu eta, besteak beste direla, Montserrat Caballé, Roberto Scandivzzi, Ana María Sándhez eta Enrique Vianaren mailako irakasleekin ikasketak sakondu eta teknika hobetu du. Francisco Pérez Sánchez  piano-jolea, bere aldetik, hainbat ganbera-taldetan aritu da bakarlari eta interprete, Espainia osoan barrena eta Frantzian, Polonian, Italian, Ingalaterran, Alemanian, Errusian eta Egipton.

Pau Casals Nazioarteko Jaialdiaren XX. Edizioan hartu zuen parte Londreseko Covent Garden orkestraren bakarlariekin batera, eta Pariseko  “Kiron Space” delakoan.

Ondoren, maiatzaren 9an, ostirala, iluntzeko 20:00etan, Boroako baselizan Laukote Hispanoamerikarraren emanaldia izango da. Taldekideak Andrey Follov  biolin-jolea,  Adam Hunter txelo-jolea, José Luis Merlín  gitarrista eta zeharkako txirula jotzen duen Débora Lewin dira. Andrey Follov, San Petersburgon jaioa, gaur egun Espainiako Orkestra Nazionaleko kontzertinoa da. Adam Hunter Southamptonen (Ingalaterra) jaio zen. Royal Liverpool Orchestrarekin eta Dublingo (Irlanda) RTErekin aritu da maila profesionalean. 1984az geroztik, Espainiako Orkestra Nazionaleko irakaslea da. José Luis Merlínen lanak mundu guztiko hainbat eta hainbat gitarra jolek interpretatu eta grabatzen dituzte. Batzuk aipatzearren: David Tanenbaum, Jason Vieux, Willam Simcoe, Louis Johnson, L. Johnson iparramerikarrak, edo Yang Xuefei eta Wang Zhen gitarra-jole txinatar ospetsuak. Azkenik, Débora Lewin musika-irakaslea da, eta piano eta flauta kontzertista.

Hilaren 11n, igandea, eguerdiko 12:00etan eta Bernagoitiko San Migel elizan, Conductus Ensemble arituko da. Zuzendari duen Andoni Sierrak 2002. urtean sortua da Conductus Ensemble Musika Elkartea. Berrogei musikari profesionaletik gora hartzen dute bertan parte. Instrumentu-jole eta koru-kide horietako asko bakarlari aritzen dira nazio guztiko abesbatza eta talde instrumental garrantzitsuenetan.

Barrokoko musika orduko sasoiko izaerarekiko leialtasunez jotzea guztien interesa izanik, Alemaniako, Ingalaterrako eta Italiako barrokoan espezializatu da taldea.

Hainbat jaialdi eta ziklotan hartu dute parte: Toulouseko les Orgues nazioarteko jaialdian, Madrilgo Unibertsitate Complutensearen Musika Zikloan (Auditorio Nazionala), Musika Hamabostaldian (Capilla Ad Litteram izenaz), Euskalduna Jauregiko organo zikloan, Ziortzako Antzinako Musikaren Jaialdian... Beraien programaren barruan, besteak beste direla, J. S. Bachen Baritonoarentzako Kantaten Integrala, J. S. Bachen Moteteak, H. Purcellen Dido eta Eneas, J. S. Bach Meza Nagusia Si minorrean edota Schuberten Meza Alemaniarra daude.
Maiatzaren 17an, larunbata, iluntzeko 20:00etan, ‘Txertok’ harpa-hirukotearen ekitaldia izango da  Dudean. Hirukote hau (Taide Quintana, Irune Retuerto eta Igone Gordóbil), musika-prestakuntza sendodun hiru harpa-jotzaile gaztek osatua dago, eta sortzen duen musikaren edertasuna gorabehera, ahaztu samar dagoen tresna hau ezagutzera eman beharrak bultzatuta sortu zen.

Madrilen antolatu zen Harpen I. Maratoian azaldu zen taldea, eta Euskal Herrian, Bilboko Guggenheim Museoan egin zuten debuta.
Ondoren hiriz hiri ibili dira, hala gure erkidegoan nola estatuko beste hainbat tokitan, eta guztietan lortu dute harrera ona, bai entzuleengandik, bai kritika espezializatuari dagokionez ere
Ondoren, maiatzaren 23an, ostirala, iluntzeko 20:00etan, Ecce Gratum-en eta Bios Orkestraren kontzertua izango da Larreako San Juan elizan. Ecce Gratum abesbatza arlo honetan ibilaldi luzea egina duten ahots fresko eta gazteez dago osatuta. Bachen, Mozarten eta beste konpositore ospetsu askoren lanetan bakarlari aritu dira sarritan abesbatza honetako zenbait kide.

Partaide izan dira Frantziako Folle Journe jaialdian, eta Bilbon (Musika-Música), Lisboan (La Festa da Musica) edo Tokion antolatzen dituzten antzekoetan, eta zuzendari ospetsu eta goreneko askoren batutaren agindupean abestu dute. Zuzendariotako batzuk aipatzearren Juanjo Mena, Manuel Valdivieso, Frübeck de Burgos, Michel Plasson, Michel Corboz, M. Rostropovich, G. Petre edota Yutaka Sado nabarmen daitezke. Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa, berriz, 2003. urtean sortu zuten eta musikari gazteek osatuta dago, Bizkaitik datozen goi-mailako tituludun musikariek hain zuzen.

Honako hauetan jardun dute kideek: EGOn (Euskadiko Gazte Orkestra), JONDEn (Espainiako Gazte Orkestra Nazionala), Salamancako Unibertsitateko Orkestra Barrokoan, eta abarretan.

Orkestra honetako musikari gehienak Euskal Autonomia Erkidegoko Musika Eskoletako eta Kontserbatorioetako irakasleak dira.

“Katu Botaduna” (Bilboko Euskalduna Jauregian, Valladolideko Calderón Antzokian) eta “Loti Ederra” (Bilboko Arriaga Antzokian) umeentzako operak interpretatu dituzte duela gutxi.

Amaitzeko, Andra Mari elizan Praga Camerata izango da maiatzaren 31n, larunbatarekin, iluntzeko 20.15ean. Talde hau osatzen duten musikariak ospe handikoak dira nazioarte mailan, ganbera musikaren interprete eta bakarlari gisa.
Aurrekari duen Pragako Bakarlarien elkarte ezagunaren tradizioaren oinordeko dugu talde hau. Gaur egun arte-buruzagi duen Pavel Hula talde hartako partaidea izan zen 1972az geroztik eta beraren zuzendaritzapean hamaikatxo arrakasta lortu du orkestra honek mundu osoan zehar.

2003tik aurrera, Praga Camerataren ordezkaritza esklusiboa dauka Praga Digitalis diskoetxe frantziarrak, Harmonia Mundiren banaketaz.

Boroako, Etxanoko, Bernargoitiko eta Dudeako San Migeleko kontzertuetara joan nahi dutenentzat, dohaineko garraio-zerbitzua ezarri du Udalak. Emanaldi bakoitza baino ordu erdi lehenago abiatuko dira autobusak Nafarroa Zentrotik.