Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Bizikleten erakustaldia break-dance erritmoan Amorebieta-Etxanon mugikortasunaren asteari hasiera emateko

Bizikleten erakustaldia break-dance erritmoan Amorebieta-Etxanon mugikortasunaren asteari hasiera emateko

Europako 2.000 hirik baino gehiagok aurrera daramaten ekimen honen bidez garraio publikoaren aukera sustatu nahi da • Bizikletak dohainik alokatzeko zerbitzua jarriko du Udalak irailaren 20an • Bike Trialen erakustaldia izango da irailaren 21ean • Irailaren 22an, Kotxe bako Munduko Eguna dela eta, Jauregibarria kalea itxita egongo da 17:00etatik 21:00etara

Amorebieta-Etxano, 2008ko irailaren 18a. Irailaren 19tik 22ra Mugikortasunaren Astea izanik, hainbat jarduera antolatu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak Tokiko Agenda 21en eremuan.
Europako 2.000 hirik baino gehiagok aurrera daramaten ekimen honen bidez, garraio publikoaren aukera sustatu nahi da, eta hiritarrak gaur egungo mugikortasun ereduak ingurumenean duen eraginari erreparatzea.
Irailaren 19an, ostirala, emango zaie hasiera jarduerei Zubiondo parkean arratsaldeko 18:00etan eskainiko den erakustaldi berri batekin. Urban Bai ikuskizuna da, eta patinak eta bizikletak break dance erritmoan erabilita, batetik bestera joateko tresna horiek uste dena baino erabilgarriagoak direla erakutsiko diete bertaratzen diren guztiei. Zirkuitua erabili ahalko dute gazteenek ikuskizuna amaitu ostean.
Biharamunean, hilak 20, bizikletak dohainik alokatzeko zerbitzua izango da Zubiondo parkean 17:00etatik 20:00etara. Ordu berean, kale-inkesta egingo dute txikienek.
Irailaren 21ean Bike Trialen erakustaldia izango da 11:00etatik aurrera Jauregibarria parkean.
Irailaren 22an, azkenik, Kotxe bako Munduko Eguna dela eta, Jauregibarria kalea itxita egongo da motordun ibilgailuentzat 17:00etatik 21:00etara. Umeen lasterketa egingo da bertan tarte horretan. Horrezaz gain, Amorebieta-Etxanoko Natura Inguruaren Analisia izeneko katalogo deskribatzailea aurkeztuko da goizeko 11:00etan. Amorebieta-Etxanoko geologiari eta hidrologiari, geomorfologiari, klimatologiari, edafologiari, landarediari, faunari, paisaiari eta nekazaritza- eta baso-erabilerei buruzko datuak eta argazkiak bildu dira Aranzadi institutuak egin duen analisi horretara.
Bestelako jarduerak
Autoak alde batera utzita, udalerrian oinezkoei protagonismoa ematearen aldeko esfortzu handia ari da egiten Amorebieta-Etxanoko Udala. Motordun ibilgailuen gaur egungo gehiegizko erabilera argi erakusten digun datua ematearren, esan daiteke EAEko biztanleok egunero egiten ditugun 10 metrotik 6 (zehatzago esanda, distantziaren % 58), autoz egiten ditugula, bi metro (%23) garraio publikoa erabilita eta gainerako metro eta erdia (%15), oinez. Ibilgailu pribatuak batik bat lanera joateko erabiltzen direla aintzat hartuta, garapen iraunkorraren alorreko planak dira, eta Amorebieta-Etxanon ere abian jarrita daukagu, errealitate horri aurre egin ahal izateko bide bakarra.
Duela hiru urte atxiki zitzaion Amorebieta-Etxano Tokiko Agenda 21en Programari. Hainbat plani ekin zaio harrezkero mugikortasuna hobetzeko eta ingurumenean eta bizi-kalitatean duen eragina murrizteko. Horren adibide dugu bizikleta-plana. Egitasmo horren barruan, hirigunea industria-poligonoekin lotuko duen bide gorriaren tartearen burutzapena dago. TOPAKETA proiektua ere aipa daiteke adibide gisa. Trafikoa gutxiturik, beraren ondorio diren atmosferaren kutsadura eta kutsadura akustikoa ere txikiagotzea bilatzen da. Garraiobide publikoen sarea hobetuko duen hiri-autobusen zerbitzua martxan jartzeko konpromisoari ere eutsiko dio Udalak.