Berdintasun Planaren hasiera
Emakumeen aurkako bortizkeria, interkulturalitatea eta bizi-kalitatea izango dira ardatza Berdintasun Planaren lehenengo urtean • Amorebieta-Etxanoko emakumeen plataformak eta Gizarte Ongizate sailak plana abian jartzeko ekintzak planifikatzeko lehenengo bilera egin dute
Aukeren Berdintasunari buruzko Zornotzako I. Planaren lehenengo urtean nagusituko diren arloak finkatu dituzte Udaleko Gizarte Ongizate sailak eta Amorebieta-Etxanoko emakumeen plataformak. Honako hauek izango dira: Kirola, Osasuna eta Bizi-kalitatea, Emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako borroka eta Interkulturalitatea.
Udalerriko gizonen eta emakumeen artean zeuden ezberdintasun-egoerak bildu zituen genero-diagnostikoa gauzatzeko lehenbiziko urratsei ekin zitzaien 2005ean. Horren ondoren, partaidetza eta adostasuna bultzaturik, herrian gertatzen diren hainbat ezberdintasun-egoeraren analisia burutu zuen hiritarrek, politikariek, teknikariek eta udalaz gainetiko erakundeek osatutako taldeak. Behin datuak eskuartean, gizarte ongizate saileko emakumeen arloak Amorebieta-Etxanoko Udalaren Aukeren Berdintasunari buruzko I. Plana prestatu zuen. Planaren iraupena lau urtekoa izango da, eta honako lan-esparru hauek finkatu dira:
- Administrazioaren konpromisoa Aukeren Berdintasunarekiko, udal kudeaketan.
- Emakumeen aginpidea eta partaidetza gizarte eta politika arloetan.
- Baterako hezkuntza, kultura eta baloreen eta berdintasunaren aldeko jarreren transmisioa.
- Kirola, Osasuna eta Bizi-Kalitatea.
- Hirigintza eta Ingurumena.
- Ekonomia-bizitza eta lanaren, bizitza pertsonalaren eta familiaren kontziliazioa.
- Emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako borroka.
- Interkulturalitatea.
Planaren garapenean, bi arlo garatuko dira gutxienez urte bakoitzean. Emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako borrokari eutsiko dio sailak 2008an eta, horrekin batera, gaur goizean udalerriko emakumeen plataformak (Udalen, Alargunen Elkartea, Alaiak Taldea eta Belatxikieta Elkartea) eta Gizarte-Ongizate Sailak izan duten bileran erabaki diren beste bi ere izango dira langai: interkulturalitatea, kirola, osasuna eta bizi-kalitatea.