Aste Berdea Amorebieta-Etxanon, ekainaren 5etik 8ra
Uraren arazketa lanak eta uraren ibilbidea ikusteko, dohaineko bisitak egingo dira Urritxeko eta Astepeko araztegietara • Ekainaren 6an V. Argazki-Idazlan Lehiaketaren sarien banaketa izango da • Ekainaren 7an, The Shape of Water dokumentala proiektatuko da, bost emakumeren proposamena ingurumenaren degradazioari, tradizio arkaikoei, ekonomia-independentzia ezari eta gerrari aurre egiteko • Azken egunean, Bizkaiko Pottokaren Morfologiaren Lehiaketa Jauregibarria Parkean.
Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu ekainaren 5etik 8ra bitartean gauzatuko den Aste Berderako. Ingurumenarekin, ekonomiarekin, gizarte-politikekin zerikusia duten gaiak ezagutaraziz, zornotzarren kontzientzia irazekitzen lan egiten duen Udaleko Tokiko Agenda 21en ekimena da.
Aste Berdea dela eta, programatu diren ekitaldiei ekainaren 5ean emango zaie hasiera, Urritxeko eta Astepeko ur-araztegietara dohainik izango diren bisitak eginez. Ura nola arazten den eta gure etxeetara iritsi aurretik uraren ibilbidea zein den ikusi ahal izango da bertan. San Juan kaleko geralekutik abiatuko da autobusa, arratsaldeko 18:00etan.
Ekainaren 6an V. Argazki eta Idazlan Lehiaketaren sari banaketa egingo da, arratsaldeko 18:30ean, Zelaietako kontzertu gelan. Partaide guztiak gonbidatuko dira ekitaldi horretara.
Ekainaren 7an, gaueko 23:00etan, Zubiondo plazan, The Shape of Water (Uraren forma) dokumentalaren jatorrizko bertsioa eskainiko da, azpitituluekin. Brasilgo, Indiako, Jerusalengo eta Senegalgo bost emakumek ingurumenaren degradazioaren, tradizio arkaikoen, ekonomia-independentzia ezaren eta gerraren aurrean egiten dituzten proposamenak bildu dira filma honetara.
Ekainaren 8an, igandea, Bizkaiko Pottokaren Morfologiaren Lehiaketak emango dio amaiera Aste Berdeari. Jauregibarria parkean izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Parkera hurreratzen diren guztiek hurbiletik ikusi ahalko dute animalia hauen edertasuna, eta txikienek gainera igotzeko aukera izango dute.
Eskola-umeek aste barruan araztegietara egingo dituzten bisiten programak eta Zuhaitzen zirkuituak osatzen dute Aste Berdearen ekintza-egitaraua. Herrian ditugun zuhaitz-espezieetako batzuk eta beraien ezaugarriak (hostoa, fruitua, lorea, etab.) hobeto ezagutzeko parada emango digu zirkuitu honek. Etxeko olioaren bilguneetan, bestalde, erabilitako olioa batzeko bidoiak emango dira ekainaren 6an eta 7an.
