Argazkilari profesionalentzako ikastaroa antolatu dute Zelaietan urrirako
Tailer honen helburua argazki-sorkuntza eragitea da, eta Magnum agentziako Alex Majoli argazkilari ospetsuak emango du • Beraren ikuspegi pertsonala erabiliko du adituak eta argazki-narratibaren barruan euren estilo propioa garatzera zuzenduko ditu partaideak • Orain arte egin duten lan pertsonalaren hamar irudi aukeratu eta www.al-liquindoi.com web orrira bidali beharko dituzte kurtso honetan parte hartu nahi dutenek • Tailerrean egiten diren lanak jendaurrean erakutsiko dira urriaren 6an, astelehena, gauez egingo den proiekzio batean • Amorebieta-Etxanoko argazkilarientzako bi beka eskainiko ditu Ametxek.
Argazki-narratiba
Lehenbiziko egunean euren lanik onenek osatutako dossierra eramateko eskatuko die Majolik partaideei. Hautatu beharreko irudien kopurua 15-30 bitartekoa izango da, eta paperean edo euskarri digitalean aurkeztu ahalko dituzte. Horrela, tailerrari hasiera emateko, guztien dossierra, proiektuak eta ideiak birpasatuko dira. Partaide guztiek egingo dituzte egunero argazki-entseguak eta banan-banakako nahiz taldeko kritikak eta hitzaldiak landuko dira, partaide bakoitzak argazkilaritzari dagokionez duen estilo pertsonala definitzeko xedeaz. Astelehen gauean tailerrean egiten den lanaren jendaurreko proiekzioa izango da.
Al-liquindoi
Egoitza Cadizen daukan argazki-irakaskuntzarako eta elkartrukerako gunea da Al-liquindoi. Abian jarri zuten 2004an Jessica Murray-k eta Gonzalo Höhr-ek, eta harrezkero argazki-tailerrak eta proiektuak antolatzen dituzte Al-liquindoikoek espainiar estatu osoan nahiz estatutik kanpo. Argazkiaren bidez loturak sortu eta mugak haustea da Al-liquindoikoen helburua. Arte- eta kazetaritza-tresnatzat hartuta, ideiak, gertaerak eta sentimenduak transmititu nahi dituzte argazkigintzaren bidez. Hala teoria- nola praktika-mailan elkartrukea eta elkarrizketa dituzte oinarri, eta argazkilari profesionalei, zaletuei eta argazkilaritzan haratago joan nahi duten guztiei daude zuzendurik beraien ikastaroak. Argazkilaritzaren alorreko maisuek gidaturik, pentsarazi egingo dien eta euren sorkuntza-hizkuntzari lehentasuna emanez, profesionalen modura lan eragingo dien lan-giroaz gozatu ahalko dira partaideak.