Inguruetako abeltzainen baldintzak hobetzeko hitzarmena sinatu dute Amorebieta-Etxanok, Lemoak eta Dimak
Udalerriek erabilera publikoko basoetako larreen aprobetxamendurako dauzkaten ordenantzak betetzen dituzten abeltzainek mugatuta dagoen esparrua erabili ahalko dute guztien artean • Derrigorrezkoa den urteroko osasun-kanpaina gaindituta izatea eta udalerrian horren egiaztagiria aurkeztea ere ezinbestekoa izango da • Abere-aprobetxamendurako uraren kudeaketa eta baldintzak hobetzeko lankidetza-neurriak ere garatu dira hitzarmenean.
Inguruetako abeltzainen baldintzak eta udalerrietako abeltzaintza hobetzeko hitzarmena sinatu dute Amorebieta-Etxanoko, Dimako eta Lemoako Udalek.
Hiru udalerriek Erabilera Publikoko basoetako larreen (Aramotz, Belatxikieta, Odiol eta Landitze inguruetakoak) aprobetxamendurako dauzkaten ordenantzak betetzen dituzten abeltzainek, mugatuta dagoen esparrua denen artean erabili ahal izatea da hitzarmenaren oinarria.
Gainera, inguru horietan dauden abere-azpiegiturak ere (askak, tutu malguak, kortak, abereentzako ur-gordailuak, etab.) denek erabiltzekoak izango dira.
Inguru horietako guztietako osasun-hustuketarako denontzako datak ere ezarriko dira (abereak basotik atera beharreko neguko sasoia).
Larre hauei onura atera ahal izateko, denontzako eremua erabiltzen duten abeltzainek, nork bere udalerriko Udal Basoetako larreen Udal Ordenantza bete beharko dute. Udalerri bakoitzeko ordenantzetako puntu komunak ezartzeko ahalegina egingo da.
Derrigorrezkoa den urteroko osasun-kanpaina gainditu izana eta horren egiaztagiria udalerria aurkeztea ere ezinbestekoa izango da. Abereek dagokien udaleko belarritako arrakada eduki beharko dute: gorria Dimakoek, urdina Amorebieta-Etxanokoek eta berdea Lemoakoek.
Larreak denek erabiltzeaz gain, inguruetako larreetan hobekuntzak egiteko konpromisoa hartu dute sinatzaileek. Hiru udalerriek, 2008 urte honetan buruturik, egingo dituzten inbertsioak 100.000 bat eurokoak izango dira.
Uraren kudeaketa
Larreen aprobetxamendurako ez ezik, abere-aprobetxamendurako uraren kudeaketa eta baldintzak hobetzeko ere, lankidetza neurriak garatuko dira hiru udalen arteko lankidetza hitzarmen honen bidez.
Horretarako, hiru udalerrien kolaborazio-plana diseinatu da, inguruetako ganaduarentzako behar adina ur, eta behar diren baldintzak betetzen dituena bermatuko duena, alderdi horren gaineko eragin ekologikoa gutxituz.
Nolanahi ere den, belardien erabilera estentsiboa ziurtatuko da, eta hiru udalek beteko dute, zeinek berari dagokionez, baldintza hori.