Hemen zaude: Hasiera Albisteak karpeta Zubiaur Musika Eskolan aurten matrikulatu diren ikasleak iazko ikasturtekoak baino %15 gehiago dira

Zubiaur Musika Eskolan aurten matrikulatu diren ikasleak iazko ikasturtekoak baino %15 gehiago dira

Musika Eskolaren bigarren ikasturtean, 294 izatetik 340 izatera pasa dira. Matrikula egin duten ikasleen %60 13 urtetik beherakoak dira. Beste sei musika-diziplina gehitu ditu aurten eskolak: Gitarra Elektrikoa, Baxu Elektrikoa, Teklatuak, Bateria, Dultzaina eta Perkusio autoktonoa.

Zubiaur Musika Eskolak iaz baino %15 ikasle gehiago erakarri ditu martxan jarri zenetik bigarren urtea duen honetan. Esan bezala, iaz inauguratu zen eskola hau, eta  lehenbiziko ikasturtean 294 ikasle aritu zen bertan, hainbat diziplinatan. Aurtengo ikasturterako 340 ikasle dituzte, eta 13 urtetik beherakoak dira horien %60.

Bigarren ikasturte honetarako, iazko eskaintzari eutsi dio Zubiaur musika eskolak (Flauta, Klarinetea, Saxofoia, Tronpeta, Tronboia, Perkusioa, Biolina, Biola, Biolontxeloa, Pianoa, Akordeoia, Gitarra, Trikitixa, Txistua eta Alboka), eta beste sei musika-diziplina gehitu ditu: Gitarra Elektrikoa, Baxu Elektrikoa, Teklatuak, Bateria, Dultzaina eta Perkusio autoktonoa.

Zubiaur Musika Eskola behin-behineko egoitza lehengo Udal Euskaltegian dago, Andra Mari elizaren ondoko parrokiaren lokaletan. Hala ere, luze gabe instalazio egokiagoak emango zaizkio musika eskolari.